Txostenaren aurkezpena
1. Metodologia
1.1. Norberaren autonomiari eta mendetasunari buruz Estatu, autonomia eta foru esparruetan indarrean dagoen lege gorputzaren eta zenbait agiri espezializaturen azterketa
Txostenaren aurkezpena
Mendetasuneko egoeran dauden pertsonak talde oso ahula osatzen dute. Ahultasun horrek haien eskubideen benetako erabilera zailtzen du. Hori dela-eta, ezinbestekoa da herri-administrazioek bultzatzen dituzten berariazko babes neurriek eskubide horiek erabiltzeko, pertsona horien duintasuna errespetatzeko eta haien bizi kalitaterako eragin ona izatea.
Norberaren Autonomia Sustatzeko eta Mendetasuneko egoeran dauden Pertsonei Arreta emateko abenduaren 14ko 39/2006 Legea (AMAL) aukera bikaina izan daiteke pertsona horiei gizarte babes maila egokia bermatzeko eta helburu horiek lortzen laguntzeko. Autonomia erkidego bakoitzak legeko arauak garatzea eta ezartzea sustatzea funtsezkoa izaten ari da xede horiek lortzeko.
Legea indarrean dartu zenetik, gure administrazioek –batez ere foru administrazioek, prozesuan protagonismo argia baitaukate– emandako urratsak aztertu ditugu, eta zenbait kexa jaso ditugu. Kexa horiei esker gainditu behar diren oztopo nagusiak ezagutu ditugu. Kexa horiek izapidetzerakoan eta txosten hau prestatzerakoan, hobetzeko iradokizunak helarazi dizkiegu administrazioei eta, neurri handi batean, harrera ona egin diete. Hala ere, oraindik gainditu beharreko oztopoak daude. Horregatik, espero dugu azterlan honetan sartutako gomendioei behar bezala erantzungo dietela.
Aukera izan dugu araudi berriak ukitutako kolektiboak ordezkatu eta laguntza ematen dieten gizarte elkarte eta erakundeekin hitz egin eta, berriz ere, egiten duten lan txalogarria ezagutu ahal izan dugu. Mendetasun egoeran dauden pertsonekin eta zaintzaileekin izandako harremanak asko irakatsi digu haien kemenari, gainditzeko izpirituari, erabateko ardurari eta elkartasunari buruz, eta hori dena helarazi nahi genieke euskal herritar guztiei.
Txosten hau egiterakoan, AMALek gure erkidegoan dauzkan benetako ondorioak ezagutu ahal izateko tresna bat sortu, nahastutako eragileekin harremanak izan eta administrazioekin, gure iritziak eta proposamenak helarazteko, harreman arina izan nahi izan dugu eta, azken batean, horrek denak mendetasuneko egoeran dauden pertsonen eta haien gizarte eta familia ingurunearen egoera hobetzen laguntzea ere bai.
Zintzotasunez eskertu nahi diet euren laguntza azterlan hau argitaratzea ahalbidetu dutenei; batez ere mendeko pertsonei, haien zaintzaileei eta haiei laguntzen dieten gizarte elkarte eta erakundeetako giza taldeari; baita hiru foru aldundietako arduradunei, EUDELi (Euskal Udalen Elkartea) eta Eusko Jaurlaritzari ere (Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietako Saila eta Osakidetza), adeitasunez eta ahalegin handia eginez, eskatutako informazioa eman baitigute.
Azpimarratu nahi nuke mendetasunak emakumeengan daukan eragin izugarria, agerian utzi ahal izan dugunez, baita autonomia sustatzeko eta mendetasuneko egoerari arreta emateko politikoa publikoak antolatzerakoan hura aintzat hartu beharra ere.
Jabetzen gara krisialditik etorritako murrizketek gizarte politikei eragin dietela, eta onartu behar dugu, batzuetan, finantzaketaren arazoa baliabide guztien bolumenetik baino gehiago ezarritako banaketa irizpideetatik datorrela eta, azken finean, norberaren autonomia sustatzeak eta mendetasuneko egoeran dauden pertsonak babesteak euskal herri-administrazioen lehentasuna izan behar dutela. Zinez nahi nuke, osorik erakundearen beraren baliabideekin egin den lan hau, xede hori lortzeko tresna eraginkorra izatea.
Iñigo Lamarca Iturbe
ARARTEKOA
2011ko martxoa